[vc_row][vc_column][vc_column_text]Martxoaren 17tik maiatzaren 6ra ostalarientzako oinarrizko euskara ikastaroa antolatu du euskara mankomunitateak. Guzira 28 orduko iraupena izan du, eta astelehen eta astearteetan 9:00etatik 11:00etara Beralandetan (Bera) aritu da taldea Oiher Urrutia irakaslearekin. Bortz herritar aritu dira euskara ikastaroan, Livia, Bianca, Luisina, Azul eta Raul.

Euskara mankomunitateak dagoeneko gisa honetako 4 oinarrizko ikastaro antolatu ditu azken urteotan, lan munduarekin zerikusia dutenak eta bereziki Euskal Herritik kanpoko jatorria duten herritarrei zuzenduak. Ikastaro hauek hagitz baliagarriak izaten ahal dira lanean erosoago aritzeko, elkar ezagutu eta harremanak josteko, euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko, eta euskara ikasten hasteko. Mankomunitatearen asmoa da aurrerantzean ere ikastaro eskaintza honekin segitzea.
Herrian erosi, euskara erosi
Ostalaritzan eta merkataritzan abian den Herrian erosi, euskaraz erosi egitasmoaren baitan, 2024ko azaro-abenduan Bortzirietako hainbat ostatu eta jatetxe bisitatu ziren euskararekin lotutako zerbitzu eta baliabideen berri emateko. Bisita horietan euskaraz ez dakiten langileei ikastaroa egiteko proposamena egin zitzaien eta interesa agertu zutenekin antolatu da taldea. Ordutegi aldetik ez da erraza izaten guzientzako aproposa den eskaintza egitea. Bederen saiakera egin zen galdetegi bidez ikastaroaren ordutegia eta tokia adosteko. Izan zen ikastaroan parte hartzeko interesa agertu zuenik, baina kanpo gelditu zirenak, gehienek hobetsi zuten egun eta ordutegietan ezin zirelako bertaratu. Mankomunitatearen asmoa da eskaintza maiztasun jakin batekin egitea, egutegia eta ordutegia aldatuta, hala ikastaroa egin gabe gelditu zirenak aukera izan dezaten, eta, betiere, jende gehiago erakartzen saiatuta.[/vc_column_text][/vc_column][/vc_row]




