[vc_row][vc_column][vc_column_text]Maiatzaren 25ean Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun besta ospatu zuten Beran. Arratsalde partean hasita eta gauerdira arte herritarrek elkar ezagutzeko eta gozatzeko parada izan zuten, giro alaian, euskara erdigunean, gurera bizitzera heldu diren herritarrek dakarten aniztasuna aitortuta.

Bestako bigarren ekitaldia bisita gidatua izan zen, Herriko Etxeko plazatik hasi eta Altzateko plazaraino egin zutena. Herriko historiari buruzko kontuak eta gaur egungoak izan zituen mintzagai, herriko etxe eta txoko adierazgarrienak erakusteaz bat: herriko etxea, eliza, Itzea, Altzate, eta abar. Arratsalde eguzkitsua izan zuten lagun eta Toki-Onako estalpean bukatu zuten. Bai herriko etxeko saioa, bai bisita gidatua euskaraz egin zituzten eta aldi bereko itzulpenarekin.
Besta eguneko ekitaldi jendetsuenak Toki-Onako estalpean izan ziren. Dantza tailerra izan zen lehenbizi. Bisita gidatuan parte hartu zutenek zein bertze herritar batzuek dantzan aritu ziren, Gure Txokoako dantzarien gidaritzapean. Pare bat dantza ikasi zituzten eta ederki pasa zuten. Batzuk dantzatu bidenabar, bertze batzuk janari dastaketarako mahaiak eta ostatua prestatzen aritu ziren.

Bukatzeko, “La Jodederaren” kontzertua izan zen; Karibe aldeko doinuekin ederki alaitu eta mugiarazi zituzten gerri bueltak. Kontzertua iragarri baino zertxobait beranduxeago abiatu zen, baita aurreikusi baino dezente gehiago luzatu ere, seinale musikariak zein ikusleak gustura ibili zirela. Bortzirietako lehenbiziko hizkuntza eta kultura aniztasun besta horrela bukatu zen, toki onean, giro alaian eta dantzan.
Balorazio bilera
Heldu den ekainaren 11n, asteartearekin, 18:30ean, balorazio bilera izanen da Beran, Beralandetan. Bestak emandakoa eta aurrerantzean taldeak bere egitekoari zein segida emanen dio izanen dituzte hizpide. Bide batez, antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu zuten herritar guztiei, bereziki Gure Txokoa dantza taldeari eta jaki goxoak prestatzeko lana hartu zuten herritarrei.[/vc_column_text][/vc_column][/vc_row]




